ONCE Fundazioa 1988ko otsailean sortu zen, ONCEren Kontseilu Nagusiaren erabakiz, eta urte bereko irailean aurkeztu zen gizartearen aurrean, Espainiako itsuen eta desgaitasuna duten pertsonen beste kolektibo batzuen arteko lankidetzarako eta elkartasunerako tresna gisa, haien bizi-baldintzak hobetzeko.
Hasiera-hasieratik, pertsona itsuen kolektiboak elkartasun bokazioa izan du desgaituen beste kolektibo batzuekin, une historiko bakoitzeko aukeren arabera. Laurogeiko hamarkadaren erdialdean, kupoiaren erreformarekin, ONCEk pixkanaka itsuak ez ziren kupoi saltzaileak sartu ahal izan zituen, 1985 eta 1987 artean, beste desgaitasun batzuk zituzten 10.000 pertsona baino gehiago integratuz. Ahalegin solidario horretan urrats bat gehiago eman zen 1988an ONCE Fundazioaren sorrerarekin.
Helburuak eta jarduera-ildoak
ONCE Fundazioaren eginkizuna desgaitasuna duten pertsonak erabat gizarteratzen laguntzea da, aukera-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa gauzatzen lagunduz
Bere eginkizuna lortzeko, ONCE Fundazioaren helburu edo xede nagusiak honako hauek dira:
- Desgaitasuna duten pertsonen erabateko lan-integrazioa sustatzea
- Lanbide-kualifikazioa, lan-gaitasunak eta trebetasun pertsonalak eta profesionalak sustatzea, desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasun-mailaren faktore erabakigarri gisa eta, beraz, laneratze prozesuan
- Irisgarritasun unibertsala eta denontzako diseinua sustatzea
ONCE Fundazioaren helburu edo xede nagusiak funtsezko balio bi kontuan hartuta garatzen dira:
- Elkartasuna eta gizarte-kohesioa sustatzea, Estatu osoan desgaitasuna duten pertsona guztiei zuzendutako ekintzak, proiektuak eta programak antolatuz
- Baita ekonomiaren eta gizartearen garapenean inplikatuta dauden administrazio, erakunde, eragile eta entitate publiko edo pribatu guztien kooperazio, lankidetza eta konpromisoa bilatzea ere
Halaber, ONCE Fundazioaren ekintzak honako printzipio hauek dituzte:
- Gobernu ona, gardentasuna eta bikaintasuna jarduera- eta prozedura-irizpidetan, lan-lehentasunak zehaztean, baliabideak erabiltzean eta emaitzak jakinaraztean
- Osagarritasuna administrazio publikoen ekintzekin eta Fundazioaren jarduerak pixkanaka-pixkanaka botere publikoen betebeharrak, egitate-bidez, ordezteko dinamikan sar ez daitezen ahaleginduz, desgaitasuna duten pertsonei buruzko politikaren edozein alderdietan. Hala ere, Administrazioekin lankidetzan jardun ahal izango du, proiektuak eta programak sustatzeko akordioak edo itunak eginez, baldin eta administrazioek ekarpen esanguratsua egiten badute
- Agente publiko eta pribatu garrantzitsuenekin lankidetza, elkarrekiko konfiantzazko harremanak ezarriz eta beti interes partekatuak zainduz
- Bere helburuak garatzeko burututako ekintza guztiek gizarte-eragina izan dezaten eta gizarte-errealitatea eraldatzeko gaitasuna izan dezaten saiatzea
- Berrikuntza soziala, ekimenak sustatuz, prozesuak eta proiektuak gidatuz eta eragile eta baliabide guztiak mobilizatuz, beren helburuak betetze aldera
- Independentzia eta inpartzialtasuna edozein botere publiko edo pribaturekiko
- Iraunkortasuna eta ingurumenarekiko errespetua bere helburuak lortzeko egiten dituen jarduera guztien garapenean
- Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala eta eraginkorra
Onuradun potentzialak izango dira nortasun juridikoa duten nazionalitate espainiarreko entitateak, badin eta, beren estatutuen arabera, ONCE Fundazioak egiten duenarekin bat datorren ekintzak egiten badituzte, Estatutuetan ezarritakoarekin bat etorriz. Balizko onuradun izan daitezke, orobat, desgaitasun fisikoa, intelektuala, sentsoriala edo psikosoziala duen espainiar nazionalitateko edozein pertsona, desgaitasunei buruz indarrean dagoen lege- eta kalifikazio-araudiaren arabera.
Salbuespen gisa, Fundazioaren babes-jarduera zabaldu daiteke, Patronatuaren aldez aurreko erabakiz eta Batzorde Iraunkorraren proposamenez, nazionalitate desberdineko pertsona natural eta juridikoentzat, baldin eta lehen aipatutako baldintzak betetzen badituzte. Onuradunek, gainera, ONCE Fundazioaren Patronatuak edo haren Batzorde Iraunkorrak onartutako plan eta programetan berariaz ezarritako beste baldintza batzuk ere bete beharko dituzte.
ONCE Fundazioak balio berberak partekatzen ditu ONCErekin, hala nola: Komunikazioa, Solidaritatea, Konfidentzialtasuna, Ekitatea, Konfiantza, Zintzotasuna, Umiltasuna, Errespetua, Konpromisoa, Profesionaltasuna eta Erantzukizuna.